Nor gara?

Garapenerako GKE bat da InteRed, Instituzio Teresatarrak sortua, 1992. urtean, eta xedetzat du gizarte zibiletik gizataldeen, herrien eta kulturen arteko elkartrukerako eta elkartasunerako sarea sustatzea. Gure misioa da gaur egungo errealitate sozioekonomikoa eraldatzen laguntzea eta pobreziaren, desberdintasunen eta bazterkeriaren aurka borroka egitea, gizarte eta hezkuntza prozesuen bidez, giza eskubideen ikuspegitik eta genero ikuspegitik abiatuta.

InteRed GGKE kalifikatu izendatu du Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak. Horretarako, administrazioak ebaluazio-prozesu baten pean jarri gaitu; ebaluazio-prozesu horretan 65 irizpide kualitatibo eta kuantitatibo aztertu dira, gure politikak, kudeaketa-sistemak, lankidetzan dugun esperientzia eta kontu-ematerakoan erakusten dugun gardentasuna ebaluatzeko.

Afrikako, Asiako eta Amerika Latinoko 16 herrialdetako 70 erakunderekin batera lan egiten dugu, urtean 100 garapen-ekintza baino gehiago babestuz. Gure esku-hartzearen ildo nagusiak honako hauek dira: oinarrizko hezkuntza, prestakuntza eta ahalmentzea; generoa eta garapena; gobernagarritasuna, herritarren parte-hartzea eta gizarte zibileko erakundeen indartzea; eta, azkenik, haurren eskubideak.

Gure programetan eta proiektuetan pertsona askok parte hartzen dute: irakasleek, ikasleek, herri indigenek, helduek, batez ere emakumeek, landa-komunitateek, egoera ahulean dauden haurrek, oinarrizko erakundeetako animatzaileek.

Inklusiboa eta kalitatezkoa izango den hezkuntzarako eskubidea benetan aitortzea eta gauzatzea bultzatu nahi dugu; hezkuntza horrek modu ekitatiboan eskainiko die, pertsona guztiei, bizitzarako gaitasunak eta trebetasunak ikasteko aukera, eta, era berean, pertsonen eta taldeen garapen integrala eta jabekuntza sustatuko du.

Partaidetza, erantzunkidetasuna, elkarrekiko konfiantza eta taldean lan egitea bezalako balioak sustatzen ditugu, bai erakunde barruan, bai tokiko erakundeekiko lanean ere.

Espainian, Garapenerako Hezkuntzaren arloan, hezkuntza formala lantzen dugu, ikastetxetako irakasleak eta ikasleak prestatuz, eta unibertsitate-ikasleekin lan eginez; hezkuntza ez formala ere lantzen dugu, hezitzaileei heziketako proposamenak eginez. Gainera, nazio barruko nahiz nazioarteko boluntariotza bultzatzen dugu, eta sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu, mundu bidezkoago, ekitatiboago eta begirunetsuago bat eraikitzea xede izango duen herritartasun global erantzule, kritiko eta konprometitua sustatzeko.

InteRed, bere ordezkaritzen eta batzordeen bidez, 12 autonomia erkidegotan, Espainiako 28 hiritan eta atzerriko 6 ordezkaritzatan (Erresuma Batua, Bolivia, Guatemala, Errepublika Dominikarra, Peru eta Filipinak) dago. Hegoaldeko herrialdeetako tokiko 74 erakunderekin lan egiten dugu, eta GGKEen 4 koordinakunde estataletako (Espainia, Erresuma Batua, Bolivia eta Errepublika Dominikarra) eta 12 koordinakunde autonomikoetako kide gara.

 

AlicanteAndalucía/ExtremaduraAragónÁvilaBadajozBilbaoBurgosCantabriaCataluñaCartagenaCastilla la ManchaCastilla y LeónCiudad RealComunidad ValencianaCórdobaEuskadiGaliciaGranadaJaénLeónMadridMálagaMurciaPuertollanoTeruelToledoReino UnidoSalamancaSede SocialSevilla

Boluntarioen, bazkideen, dohaintza-emaileen eta erakunde publiko nahiz pribatuen laguntza dugu; horiek guztiek pertsonen giza garapenean kooperatzen eta laguntzen dute, herri bakoitzaren duintasuna, nortasuna eta kultura errespetatuz.

Onuradunak

Hezitzaile eta irakasleak, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak; herri indigenak; landa komunitateak; ahuleziak ukitutako gazteak eta haurrak; helduak, batez ere emakumeak; komunitateko liderrak eta nekazariak.

Eremu geografikoak

  • Amerika Latinoa: Argentina, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Txile, Guatemala, Mexiko, Peru, Errepublika Dominikarra, Uruguay eta Venezuela.
  • Afrika: Kamerun, Ekuatore Ginea eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.
  • Asia: India eta Filipinak.
  • Europa: Espainia eta Erresuma Batua.

InteRed erakundearen historia

InteRed Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat da, 1992. urtean sortu zena, Instituzio Teresiarrak sustatuta. Nazioarteko Lankidetzaren eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen munduan sartzea erabaki zuen, bertan, Instituzio Teresiarraren misioari datxekion konpromisoa eta gizarteari nahiz hezkuntzari lotutako ekarpenak irmoki erakutsiz.

Giza sustapenaren, eraiki nahi dugun gizarte motaren eta eskaintzen dugun hezkuntza-prozesuaren arteko harremana da gizarte- eta hezkuntza-jarduera guztiak itxuratzen dituen elementuetako bat. Instituzio Teresiarretik abiatzen den elementua da. Instituzio Teresiarra laikoen nazioarteko elkartea da, Pedro Povedak (1874-1936) XX. mendearen hasieran (1911. urtean) sortu zuena. Gizarte gizatiarragoak eraikitzea, gizartearen eraldaketa, pobretutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, herritartasunerako heztea, Giza Eskubideetan heztea, genero berdintasuna sustatzea eta eragile biderkatzaileak trebatzea dira Povedaren inspirazioak oinarritzat dituen hasierako erreferenteak, gaur egun gizartearen eta hezkuntzaren arloko gure proiektu guztietan aurkitzen ditugun erreferenteak.

Horretatik guztitik jaio zen InteRed. Patronatuak 1992. urtean onetsi zituen lehenengo proiektuak honako hauek izan ziren: Giza Eskubideak eta Hezkuntza Rio de Janeiron (Brasil), landa garapena Malaybalay-en (Filipinak), emakumeei zuzendutako herri hezkuntza Cochabamba-n (Bolivia) eta laneko prestakuntza eta trebakuntza Caleran (Txile), beste proiektu askoren artean. Ikusten den bezala, nabarmena zen jada Garapenerako GKE hau hezkuntzazkoa zela, generoaren eta giza eskubideen ikuspegiak kontuan hartuta.

InteRed, Elkartrukerako eta Elkartasunerako Sare gisa, ordezkaritzen bidez zabaldu da Estatu osoan zehar. Lehendabiziko ordezkaritzak 1996. urtean sortu ziren, Andaluzian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Euskadin eta Galizian; hurrengo urtean, Valentziako eta Aragoiko ordezkaritzak sortu ziren; 2000. urtean Gaztela Leonen; eta berrienak Kantabriako eta Madrilgo Erkidegoko ordezkaritzak izan dira.

Presentzia zabalagoa izateko asmoz, eta testuinguru eta bazkide lokaletara hurbiltzeko xedez, Boliviako, Guatemalako, Errepublika Dominikarreko eta Filipinetako ordezkaritzak sortu ziren. Europan, berriz, Erresuma Batuko InteRed ordezkaritzak gure sentsibilizazio ekintzak hedatzeko aukera eman digu.

InteReden 2002-2006ko I. Plan Estrategikoak tokiko bazkideen gure sarea zabaltzea izan zuen helburu, dibertsifikazioaren bidez eta InteRedentzat lehentasunezkoak diren herrialdeetan erakunde berriak identifikatuz. Garrantzi berezia ematen dio parte-hartzeak ebaluatzearen kulturari, eta Garapenerako Hezkuntza sustatzearen aldeko apustua egin du.

2007-2011ko II. Plan Estrategikoak xedetzat du hezkuntzaren arloan erreferentziazko erakunde bilakatzea, giza eskubideen eta generoaren ikuspegitik.

Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak 2007. urtean emandako kalifikazioak gure lanaren ibilbidea eta gure ekintzen kalitatea aitortu eta abalatu zituen. Kalifikazio hori 2010. urtean berrikusi eta onetsi da berriro ere.

Ibilbide honetan zehar egindako lanak pazientzia, arreta eta ilusioa izan ditu lagun, eta horrela InteRed hazi eta finkatu egin da. Gainera, horrela, hainbat arlotan bidegabea den mundu hau aldatzea bultzatzeko elkartasunarekiko konpromisoa piztu da pertsonengan.